ERRATZU
Herri eder eta lasai honek 650 biztanle inguru ditu erdigune eta auzoa ezberdinetan banatuak: Iñerbegi, Iñarbil eta Gorostapolo.
Erratzun zenbait jauregi mantentzen dira oraindik ere: Iriartea (antzinako aduana), Apeztegia, Etxenikea eta Etxebeltzea.
Mendizaleek aukera bikaina dute ondoan dagoen Auza mendira goititzeko. Herritik aterata 2 ordu luze beharko dira 1306 m-ko altura duen tontor gogor honetara ailegatzeko. Baina merezi du, bertatik ikusten diren inguruak izugarri politak baitira.
Zoritxarrez badago data bat erratzuarrendako ezaguna dena: 1913. Izan ere urte honetako ekainaren 2an izugarrizko uholdeak jasan zituen herriak. Erraten denez laino izugarri bat Auza mendian lehertu egin zen, laxatutako ur kopurua sekulakoa izanik. Urek Baztan guzian kalte egin bazuten ere, hurbiltasunagatik Erratzu izan zen herririk zigortuena.
BAZTAN
Baztan harana Nafarroako ipar-ekialdean kokatua dago. Bere 376,81 km2-ekin erkidegoko udalerri zabalena da eta gaurko egunean 8.000 bat lagun bizi dira ibar honetan. Baztan, pirineo bajuetako haran tipikoa dela erran daiteke: altuera ertaineko mendiak, paisai berde eta hezea, haritzak eta bagoak dira nagusi.
Baztanek 15 herri ditu (Amaiur izan zen sartu zen hondarra, 1969. urtean) 4 kuartel ezberdinetan antolatuak. Auzo aunitz daude ere, herri gehienek bakarren bat baitute. Gainera, baserri eta borda ugari aurkituko ditugu nonnahi hedaturik.
Laburbiduz, Baztan harana Bortziriak eta Kinto-errealaren artean dagoen zokogune bat da. Iparratik hegora, 15 km-ko luzera du, eta bere zabalera km 1 eta 3 km tartekoa da (2 luzapen daude; Erratzu / Izpegikoa eta Elizondo / Beartzun / Berdarizekoa).
Azkeneko urte hauetan deforestazioa egon baldin bada ere, Baztango ingurua berdea da, hezea, eta bere mendi eta zelaiak zuhaitzez josiak daude. Honen adibide argia Bertizko Natur Parkea da, Bertizaranan barne dagoena. Irati oihana eta gero, Baztan harana da Nafarroako gune berdeenetariko bat.
Baztanek gainera arras industria guti du hortaz, honi, orai arte errandako guzia gehitzen badugu, ez da harritzekoa nekazal turismoak izan duen goitiera haundia. Igoera nabarmen hau azkeneko urteetan izan da batez ere, eta dudarik gabe, diru-sartze haundia izan da bailararendako.
Baztandarrok gure folklore eta ohiturak gogoz mantendu ditugu mende eta mendeetan zehar, baina bada, dudarik gabe bereziki maite dugun altxor bat: gure euskara edo eskuara, hemen erraten den moduan. Adituek diotenez, euskalki arras aberatsa da, ongi mantendua eta gaurko egunean baztandar gehiengoen ama hizkuntza.
Atentzioa deitzen duen bertze gauza bat Baztango etxe gehienek beren aitzinekaldean duten armarria da. Jatorria, 1212. urtean dago, kristauek Nabas de Tolosako gatazka irabazi zutenean. Ajedrezko tabla bat irudikatzen da, erramuko 2 adarrez inguratua. + INFO